Demokrazia Partizipatiboaren Iruñeko Tokiko Behatokia eratu da, hiriko partaidetza-esperientzien jarraipena eta analisia egiteko espazioa

Udaleko eta gizarte-ehuneko ordezkariek, organoa abiatzearekin batera, bere funtzionamendua, zereginak eta bileren aldizkakotasuna zehaztu dituzte

Demokrazia Partizipatiboaren Iruñeko Tokiko Behatokiak lehen bilera egin du, eta Udal-organo hori eratzeko ez ezik, bere funtzionamendua, zereginak eta bileren aldizkakotasuna zehazteko ere balio izan du. Behatokia Udaleko kideek, Nafarroako Gobernuak izendatutako pertsona batek eta gizarte-ehunaren ordezkariek osatzen dute, eta udalerriko partaidetza-esperientzien jarraipena eta analisia egiteko espazio moduan proposatu da. Iruñeko Udaleko Herritarren Partaidetzarako Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, organo hori beharrezkoa da udal-erregelamenduan aurreikusitako edozein partaidetza-organo eratu ahal izateko.

Astearte arratsaldean, Descalzos kaleko udal-igogailuaren ondoko eraikinean egindako Demokrazia Partizipatiboaren Iruñeko Tokiko Behatokiaren lehen saioari hasiera emateko, Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako Alorreko zinegotzi ordezkari Fernando Sesmak ongietorria eman zuen, organoaren lehendakari gisa. Gero, Demokrazia Partizipatiboaren Iruñeko Tokiko Behatokia Herritarren Partaidetzari buruzko Erregelamenduaren esparruan kokatu zuten, eta ados jarrita haren funtzionamenduari, zereginei eta bileren aldizkakotasunari buruz erabaki zuten.

Lehendakariaz eta idazkariaz gain, lehen bilera horretara bertaratu ziren Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurako taldeen ordezkariak, Partaidetzako Alorreko zuzendaria, Udal-teknikari bat, eta Nafarroako Gobernuak izendatutako pertsona bat. Herritarren ahots gisa, bertan egon ziren Herritar Aktiboen eta Kolektiboen Udal Erregistroan izena eman duten hautagaien artean haututako pertsona bat, eta Iruñean demokrazia partizipatiboaren esparruan eta herritar partaidetza sustatzeko lan egiten duten elkarteen ordezkari bat. Organoa osatzeko, Iruñean kanpusa duten unibertsitate bakoitzeko kide bana: Nafarroako Unibertsitate Publikokoa, Nafarroako Unibertsitatekoa eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalekoa.

 

Udal-esparruan parte hartzeko funtsezko espazioa

Demokrazia Partizipatiboaren Tokiko Behatokia udalerrian izaten diren partaidetzako esperientzien jarraipena eta analisia egiteko espazioa da, bai Herritarren Partaidetzako udal-politika publikoen esparruan, bai hiriko edozein gune sozialetan. Helburua partaidetza bultzatzea da, partaidetza-esperientziak harremanetan jar daitezen erraztuz eta haiek aztertuz, bidenabar lehendik dauden praktikak aberasteko eta izaera inklusibo eta integrala duten esperientzia berriak sustatzeko.

Eginkizun hauek ditu, besteak beste: partaidetzari buruzko kontzeptuak eta irizpideak adostea, hiriarentzako hizkera komun bat zehazteko; herritarren partaidetzarako organo, mekanismo eta prozesuetarako lan sistemak aztertzea eta proposatzea; partaidetza ebaluatzeko sistemak ezartzea, eta herritarren partaidetzaren kalitatea ahalbidetu eta hobetzen duten jarduketak proposatzea.